XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Iñaki Zubeldiarekin elkarrizketa
Nik espero dut hemendik aurrera Kilometroak festa izatea.

Atzoko egunean bidean zehar Orereta ikastolako zuzendaria topatu genuen, eta berari galdetu genion ikastolak duen arazoaz.

- Momentu honetan problema nagusienak dira ekonomikoak, nahiz eta diru laguntza dezente jaso.

Oraindik gurasoak ordaindu behar dute irakaskintzatik, bakarrik, urteako 27.000 peseta Oinarrizko Heziketan, eta BUPen 40.000 pesetatik 50.000 pesetaraino.

Hori bakarrik irakaskuntzatik, eta garraioa erabiltzeko, urtean zehar, ordaindu behar dute 19.000 peseta haur bakoitzeko.

Orduan garbi dago nahiz eta laguntza asko jaso, oraindik laguntza gehiago behar dela.

Hori izango litzake momentu honetan problema nagusiena.

Gero beste arazoak ba daude ikastolan, testu liburuak, batez ere, BUPen eta COUn non oraindik apunteekin gabiltza.

Lehen izan genuen problema irakasleekin momentu honetan ez dugu.

Orain baditugu irakasleak eta nahiko ongi prestatuak.

Orain lau edo bost urte irakasle euskaldunak bilatzea oso zaila zen, eta problema hori, orain, nahiko gainditua daukagu.

Batez ere Donostia eta Bilbo inguruko ikastoletan nahiko gainditua dago.

Agian herri txikietako ikastoletan gertatzen dena beste eskoletan bezalakoa da.

- Eta zein arazo gehiago daude?.

- Agian zenbait tokitan Errenderian bezala ikastolak haundiak dira.

Bere garaian ez zegoelako beste modurik egiteko, eta egin dira ikastola batzu oso haundiak.

Guriak baditu orain 1.700 haur eta Lizeoak, adibidez, 2.000 ditu; eta horrelako zentroak ezin dira ondo eraman.

Ezin da detaile guztien gain egon; gurasoak beren artean ez dira ezagutzen, irakasleak ere ez.

Orduan horrelako eskolak egiteak problemak izaten ditu.

Baino badira ikastola txikiagoak eta oso politak.

- Kontatuko zenidan pixka bat Errenteriako ikastolaren historia?.

- Ikastola hau herri guztietan sortu zen bezalaxe jaio zen.

Elizaren babespean, eta euskararen aldeko keskarekin sortu ziren taldetxo txiki batzu, sei edo zazpi umerekin emakume batzu ez zirenak ez irakasle eta ez ezer, pixkanaka pixkanaka martxan jartzen.

Momentu honetan guk ditugun datu ofizialetan 1963an hasi zela, baina ikastolak izan zuen lehenik, aurreko lehendakariak esaten duenez, bi edo hiru urte pisuetan ibili zirenak, inorrek jakin gabe.

Gure paperetan finkatuta daukagu hasiera 1963an.

Bittor Irazabal izandu zen lehendabiziko lehendakaria eta ekipo batekin klandestinitatean jarri zuten martxan, eta 1968an lortu zuten bere ofizialtasuna, legeztasuna.

Orduan hasi zuen jasotzen indarra, gaurko egunerarte.

- Zer esango zenduke Kilometroak-84-ri buruz?.

- Beti bezala festa oso polit bat.

Behar bada orain arte jardun gara lanean eta usten genuen erantzun sakon emango.

Eta orain konturatu gara jendeak erantzun izugarria eman duela, oso festa polita dela eta diru aldetik laguntza polita.

Nik espero nuke hemendik aurrera festa izateko eta ez dirua biltzeko; hori izango litzake pozarik handiena.

- Aurreko egunetan izandako eguraldiarekin, beldurrik izan al zenuten?.

- Eguraldiarekin aste buru hontan oso beldur ginan.

Pentsatu genuen ostiral bertan Kilometroak atzeratzea.

Hitzegin genuen Usabiagarekin, eta berak esan zigun iganderako eguraldia hobetuko zela.

Eta haren esanarekin aurrera jo dugu.

Gainera, halaz eta guzti suerte izan dugu: antolatu ditugun ekitaldi guztiak, denak egin dira.

Eta gaur igandeko izandu da izugarria.

Iñaki Zubeldia, Orereta ikastolaren zuzendaria.